Pyrenaica 301 (2025)
Pyrenaica 301
Écrins
2025
Editoriala
Etxeberria Ramírez, Paulo
Mendian, markaturik dagoen bide zabal batek interesa ken diezaioke zeharkaldi edo igoera bati. Baina, ondo jarritako mugarri gutxi batzuk, adibidez, orientazio korapilatsua duen eta harriz josirik dagoen mendi-hegal batean, eskertzekoak izaten dira. Mugarriak nola, halakoak izan dira dira Pyrenaicaren jarraibideak eta moduak, erredakzio-taldeko kide izan naizen lau urteetan, aldizkaria zuzendu duten pertsonengandik ikasiak: Iván Ruiz eta Luisa Alonso. Haien lan onaren froga modura, gaur egun jende askok argitaratzen ditu, eskuzabal, hainbat jarduerei buruzko artikuluak aldizkarian.
Mendi-hegal horretan, argitalpen honen sustatzaile den Euskal Mendizale Federazioak jarritako mugarriak ere presente daude. Zentzu horretan, gure presidente Ricardo Hernanik 298. aleko editorialean idatzi zuena aipatu nahiko nuke: federazioak, Pyrenaica barne, mendiko diziplina guztien alde lan egingo du eta arreta berezia eskainiko die eguneroko mendizaleei (esan genezake igandetik igandera dihardutenei).
Gainera, mendiko zientziez (naturalak eta sozialak) eta artez elikaturiko kolaborazioak argitaratzen jarraitu nahiko luke Pyrenaicak, federatuek edo beste esparru batzuetakoek idatziak. Izan ere, gure jarduerak egiten ditugun inguruneak ezagutzeak eta ekartzen dizkiguten sentimenduek gure ikuspegia aberatsago egiten dute.
Gaiari helduz, ale honetan honako artikulu hauek proposatu ditugu: paseo bat Gipuzkoako kostaldeko flyschean, zeharkaldi bat Kantauriar mendikatean, hainbat igoera Aragoiko eta Kataluniako Pirinioetan, bidai bat Rifeko mendietara, zeharkaldi bat Écrins mendigunean, abentura bat Kirgizistanen, mendiko eskiko zeharkaldi klasiko bat eta eskalada-bide batzuk Alpeetan, eskalatzeari buruzko gogoetak, Geologiako eskola praktikoak Urkiolan eta mendizaletasunaren historia apur bat. Gainera, argazkigintza, albisteak, elkarrizketak, argitalpenak, ikus-entzunezkoak eta umore ukitu bat.
Gozatu ale honetako edukiez!







