EMF logoa

Igandea da. Leihora hurbildu, eta Karakateko gailurra daukat parean; sua dariola dirudi. Egunsenti ederra izan da gaurkoa, eta tarte batez naturak eskaintzen dizkigun opariez gozatzeko aukera izan dut.

Gure etxean, igandero mendira joatea ohitura da, belaunaldiz belaunaldi transmititu den jarduna. Gaurkoan, Erlora egingo dugu txangoa. Astean behin bada ere, atzean uzten dugu egunerokotasunak dakarren zama.

Amak egindako kafearen usaina sumatu bezain pronto, aita eta biok sukaldera hurbildu gara, familian gosaltzera. Indarrak hartu ostean, beharrezko materiala motxilan sartu dugu. Guretzat, pisua ez da zama; babesa baizik.

Aitak eskuz egindako gorosti-makila ekarri dit ganbaratik; txori-kabi itxurako heldulekua du, eta gorputza —makilaren arima— egurrezkoa da. Naturaren maitale sutsua da, eta bere pasioa transmititzen ahalegintzen da, ingurumenaren garrantziaz jabetu gaitezen.

Ama, horrenbeste gustatzen zaigun patata-tortilla egiten ari den bitartean, bazkaltzeko txokoen gaia atera da mahai gainera.

—Zer ote dauka Xoxoteko aterpetxeak? Xarma berezia dauka, eta etxekoentzat bertan bazkaltzea plazer hutsa da. Maiz aipatu dugu, inguru jakin batzuetan janariak zapore goxoagoa hartzen duela.

Izarraitzeko mendilerroak liluratzen gaitu.Bertan, kolore berdea da nagusi; zuhaitzak loratzen hasi dira, eta urteko lehen sanjose-loreak aurkitu ditugu, udaberria ate joka dugula iradokiz. 

Giza zaratatik urruntzean, naturak nire alderdi basatiena esnatzen du, eta une batez, askatasunaren haizea arnasteko aukera ematen dit.

Bidean aurrera egin ahala, nekea sumatu dut, eta aitak bere magia-trukoa atera du: alegiazko makila.

—Oratu makila, Iratxe. Nik tira egingo dut. Horrela, errazago iritsiko zara gailurrera. Parean daukagu, eta postontzia zure zain dago. Eutsi!

Ilusio ikaragarria egiten dit kartoizko txartela postontzian sartzeak. Aurtengo hogeigarren gailurra da, eta Morkaikoren egunean dominarekin sarituko didate. 

Gailurrera iristear nengoela, iratzargailuaren hotsak, ustekabean, ametsa eten du. 

Goizeko laurak dira. Frontala prest daukat, lagunak zain ditut, eta 45 kilometroko ibilbidea dugu aurretik. Aste osoa daramat egun honen zain.

Gaur egun, denboraren makina existituko balitz, txikitako oroitzapen haiek berriz bizitzeko, istant batean haurtzarora itzuliko nintzateke.

Kafea parean dudala, gaurko ametsak zer pentsatua eman dit, eta galdera bat egin diot neure buruari:

—Nire semeak mendiko bizipenen batekin amets egingo ote du hemendik hogeita hamar urtera?

Osoro, Iratxe

Pyrenaica revista

Pyrenaica 302 (2026)

Aldizkaria ikusi

Nola argitaratu Pyrenaican

Babesleak

Laguntzaileak

Euskal Herriko Mendizale Federazioa logoa
Euskal Mendizale Federazioa
Arabako Mendizale Federazioa logoa
Arabako Mendizaleen Federazioa
Federación Vizcaína de Montaña logoa
Bizkaiko Mendizale Federazioa
Federación Guipuzcoana de Montaña logoa
Gipuzkoako Mendizale Federazioa
Federación Navarra de Deportes de Montaña y Escalada logoa
Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundea