Pyrenaica 299 (2025)
Pyrenaica 299
EXPEDICIÓN VINSON
2025
Editoriala

Santxo Monzon, Iñigo
Azkenaldian, mendi zaletuen artean zenbaki eta datuek tamainazko garrantzia bereganatu duten garaian – irabazitako garaiera, igoera erritmoa, VO₂max, bihotz taupada maiztasuna, proteina gramoak, ariketa fisiko errepikapenak - , burura datorkit Felix Iñurrategik emandako erantzuna galdegin ziotenean mendian bizitako egunik borobilenarengatik.
Ezbairik gabe eta konbentzimendu osoz, gogora ekarri zuen lehendabiziko aldiz motxila egin eta mendira irten behar zuela erabaki zuen eguna. Izan ere maiz, gauza sinpleetan datza iraultza handia, mendi, herri eta bizimolde berriak ezagutzeko erabakian bezala.
Egun batean erabaki hori hartzen duten pertsonak beste bat izanda itzuliko dira. Begirada berri batekin bueltatuko dira, ezagutzen jarraitzeko gogo biziz, eta bizitzan zehar guztiok barruan daramagun motxila hori betetzeko irrika handiz.
Gogoratzen dut sentsazio bera, hamabost urte besterik ez nituela, Vignemaletik (Ama Lister) itzuli nintzenean. Etxean, abisatu gabe joateagatik izan nuen errietaren oroitzapenik apenas gordetzen dut, baina argi eta garbi gogoratzen dut nire barruan zerbait aldatu zela: ordutik ez ditut mendiak eta bidaiak alde batera utzi.
Mendiaren mundua bidaiari estu lotuta dago. Askotan tontor bat zapaltzeko, bidaiatu beharra dago eta. Corazón de Ulises liburuan, Javier Revertek honela idazten du Itaka greziar irlan (Senderos del Épiro): “Bidaia, abentura, aurreikus daitekeenarekiko haustura da”. Azken batean, errutinarekin apurtzea da, gurpil zoro horretatik ateratzea.
Pyrenaica-ren edizio berri honek hain zuzen ere, esentzia hori jasotzen du: mendia bide Tanzania, Grezia edo Georgia bezalako leku zoragarriak ezagutzeko aukera izango dugu oraindik ere misteriotsua den Antartika ahaztu gabe.
Azkenik, nire eskualdeko esaera bat aipatu nahiko nuke: “Sasik eta garbiten ezpadozuz, koxiko datzus ingeruk.” errutinatik ateratzeko kapaz ez bazara, asperdurak irentsiko zaitu.
Eman diezaiogun bizitzari kolore desberdin bat, mendien bidez leku eta bizimolde berriak ezagutzera atera gaitezen!