Pyrenaica 304 (2026)
Pyrenaica 304
URDAIBAI SUBTERRÁNEA
2026
Editoriala
Pérez, Fernando J.
Ia asteburuero errepikatzen den eszena: auto-ilarak bazterbideetan, aparkalekuak gainezka, jende ugari mendi-autobide bihurtutako bidezidorretan; ondorioz zaila egiten da gailur batzuetan paisaiari lasaitasunez begiratzeko txoko bat aurkitzea. Igandean Gorbeiara, Aizkorrira, Anbotora edo Txindokira joaten denak, ezagunenak bakarrik aipatzearren, pentsa lezake euskal mendiek lasaitasun paraje izateari utzi diotela, jada ez direla hamarkadetan zehar mendizale askok bilatu izan duten babesleku.
Eta, neurri batean, arrazoi izango luke.
Pandemia mugarri bat izan zen. Hainbat hilabetetako konfinamendu eta murrizketen ondoren, milaka pertsonek mendian ibiltzeak eskaintzen duen plazera ezagutu zuten. Zaletasun hori, berreskuratua izan edo aurkitu berria izan, geratzeko etorri zen. Gaur egun, txangozale gehiago daude, mendiko lasterketa gehiago daude, edota argitaratze gehiago daude sare sozialetan.
Hala ere, Euskal Herriko mendiak masifikatuta daudela esatea sinplifikazio hutsa izango litzateke, eta bidegabea. Mendi batzuk, bidexka batzuk eta ordu jakin batzuetan bai. Baina nahikoa da ibilbide ezagunenetatik pixka bat aldentzea oso bestelako errealitatea aurkitu daitekeela ohartzeko. Izan ere, jende askok Instagramen partekatzeko Gorbeiako gurutzearen edo Anbotoko siluetaren argazkia bilatzen duen bitartean, hain entzutetsuak ez diren ehunka gailur aurki daitezke. Mendi apalak, ederrak, tontor ezezagunagoak, masifikaziotik at, edota ahazturiko baso eta bidezidorrak. Oraindik ere erreka baten murmurioa, okil baten mokokadak edo txantxangorri baten kantu bizia entzuteko aukera agertzen duten lekuak.
Mendizalez ase dauden mendietan ere badira aukerak. Ohiko bideak utzi eta antzinako artzain-bideak arakatzen ausartzen denak, Gorbeian edo Aizkorrin ere bakardadean ibiltzea posible dela jabetu daiteke. Agian masa-bainu saihetsezina topatuko du gailurrean, baina harainoko bidea garai bateko esperientzia intimoa izan daiteke.
Benetako arazoa ez da mendizale gehiago garela. Mendiak, oraindik guztionak dira, zorionez. Kezkagarriena da gailurrak kontsumitzeko joera hedatu dela, kromoak biltzen dituenaren antzera. Igo, argazkiak atera, argitaratu eta alde egin. Egiten ari garen ibilbidea behatzeko, lurraldea ezagutzeko edo ikasteko eta ulertzeko astirik gabe. Horregatik, modan dauden ibilbideetatik haratago begiratu dezazuen animatu nahi zaituztegu Pyrenaicatik. Sastraka eta ahanzturan eta desagertzeko zorian dauden bideei buruzko jakin-mina berreskura dezazuen. Mendia ulertzeko modu lasaiagoa eta kontzienteagoa aldarrikatu nahi dugu.
Garrantzia soilik gailurrari eskaintzen dionak, mendian jendea aurkituko du. Garrantzia mendiari berari eskaintzen dionak, oraindik isiltasuna aurkituko du. Euskal Herrian, oraindik ere, isiltasun handia dago, batzuek uste dutena baino askoz handiagoa.







