Pyrenaica 303 (2026)
Pyrenaica 303
GUZTIONA, GUZTIONTZAT 1926-2026
2026
Editoriala
Etxeberria Ramírez, Paulo
“Cuando los años pasen, al hojear la colección de Pyrenaica, sentiremos las más dulces evocaciones con el recuerdo de días intensamente felices pasados en la montaña ‘lejos del mundanal ruido’. Pyrenaica, sin pompas literarias, sencilla, como nuestros hábitos, será la memoria colectiva que vamos a escribir entre todos”.
Horixe da, hain zuzen ere, duela mende bat aldizkari honen lehen zenbakian argitaratutako editorialeko paragrafo-ideia, oso gogokoa duguna. Euskal mendizaletasunaren ‘memoria kolektibo’ hori aldarrikatu nahi dut lerro hauen bidez.
Azken ehun urte horietan, 1400 pertsona baino gehiagok kolaboratu dute aldizkariaren orrialdeak hezurmamituz; artikuluak eta argazkiak eskainiz. Aldizkariaren edukia sortzeko lana borondatezkoa eta altruista izan da beti, oroitza hori guztion artean ontzeko fundazio-ideiari leialki jarraituz. Ezinezkoa da orrialde batean izen guztien zerrenda egitea, baina hementxe ondoan daukazue pertsona horien lagin zabal bat. Nire esker onena eta zintzoena guztioi, aisialdia herri baten oroimena eraikitzen eman duzuen guztioi.
Mendira joan eta, aldi berean, mendiari buruz irakurtzea gustatzen zaion herria da gurea. Hamarnaka mila irakurlek zentzua eman diote ehun urte bete berri dituen aldizkari amateur bati. Aldizkariaren zuzendaria naizen aldetik, pertsona federatuen mezu elektronikoak jasotzeak pozez betetzen nau. Esaterako, aldizkariaren azken zenbakia jaso ez dutela esateko, adeitasun handiz idazten dutenek, eta egun batzuen buruan dagoeneko iritsi zaiela baieztatzen digutenek... “jasotzeko irrikaz nengoen!”.
Sortze eta irakurtze transmisio katebegi gisa, dozenaka mendizalek aldizkariaren erredakzio-taldea osatu dute; edukiak hautatu, berrikusi eta itxura emanez. Pyrenaicako zuzendaritzaz arduratu diren pertsonek, gainera, gurea bezain argitalpen berezi bezain zehatza kudeatu behar izan dute, horretarako hainbat baliabide eta dedikazio pertsonal izugarria eskainiz, ziur aski.
Denboraren poderioz, oroimena ahuldu egiten da (kolektiboa barne). Zentzu horretan, gure aldizkariaren hemeroteka digitala aipatuko dut: Pyrenaica mendiaren alorrean munduko gordailu garrantzitsuenetako bat bihurtu baita, bai duen aberastasunagatik, zein duen irisgarritasunagatik ere. Hemerotekan sartzera gonbidatzen zaituztet, zeuenak egin ditzakezuen bizipenak eta gogoetak aurkituko dituzuela ziur bainago.
Mendian, egun zoriontsuez gozatzen jarraituko dugu, eguneroko zaratatik urrun, eta garena izatera eraman gaituzten esperientziak kontatzen eta irakurtzen jarraituko dugu.







